Descripción o resumen: Barre algarak infernuan. “-Esan? –galdetu nuen zakar. Beste aldekoa, horrelako erantzunik esperoan nonbait, erantzungailu bat bezala mintzatu zitzaidan. Olea jaunaz galdetu ondoren, baiezkoa jasoa, aldez aurretik prestatua zeukana labur eta lehor plazaratu zuen, inolako inguru-mingururik gabe, eguraldiaz edo liga txapelketaren azken jardunaldiaz hitz egiten den legez. Harri egina utzi ninduen. Orritxo bat eskuratu eta esku dardartiaz zirriborratu nuen tonu berean emandako helbidea. Gero begirada galduta geratu nintzen, telefonoa eskuan etendura–ren txistuei jaramonik egiteke. Bera berriro! Jon, zorioneko Jon, nire bizitzatik betiko galduta uste nuen anaia. Hilik aurkitu omen zuten bere etxean. Droga gaindosi batek betiko eramanda. Inoiz gertatu behar eta... Neurri batean ez nintzen harritu, ez bainuen uste bista–tik galduz geroztik (urte batzuk jada) bizimoduz aldatua izango zenik. Hala eta guztiz ere…”. Berri latzak ez zuen ustekabean harrapatu Xabier Olea. Aspaldi ez zuen anaia ikusten, baina gaztarotik amildegi ertzean ibiltzen ohituta, azkenean erori egin zen nonbait. Heriotza gertatu tokia eta anaia ikusi zituenean, ordea, harrituta gelditu zen. Kalezulo narras bateko biztanletzat zuen Jon, eta hara non apartamentu eder batean topatzen du, luxuz inguratuta. Sinestezina! Baina hura, bere zoritxarrerako, bolada zoro baten hasiera besterik ez zen izan. Laster, zurrunbilo odoltsu baten erdian harrapatuta geldituko zen, bizia galtzeko arriskuan, baten edo batzuen helburu bihurtuta. Irten ezin, bere inguruan maila altuko jendea, drogazaleak, sikarioak eta bortxaz hildakoak hasi ziren dantzan, zorioneko anaiak infernutik markatzen zuen konpasean