Descripción o resumen: Adio du izena Bitoriano Gandiagaren azken liburuak. Bera hil eta hiru, ia lau urtera plazaratzen da, baina egileak berak utzi zuen argitaratzeko prest, poemak sailkatuta eta atalentzako sarrerak idatzita. Joxe Azurmendik bere hitzaurre jakingarrian azaltzen digunez, Bitorianoren adioa da munduari. Formaz nahiz gaiez, bere obra osoaren errepaso bat bezala nolabait. Bere bizitzaren errepaso bat ere bai. Eta bien bilduma halako bat. Liburuaren lehen partea, Orbelaun-Arantzazu deritzana, bere haurtzarora itzultze bat da: txikitako familia-oroitzapenak biltzen ditu bai poemetan bai hitz lauzko sarreran, euskara batuz hasi eta, oroiminak hizkuntzari ere eraginda, etxeko bizkaieraz segitzen duen testu hunkigarri batean. Arantzazuko bide zaharrak bigarren atalean berak maite eta ezagutu duen mundu zaharraren eta aurrerapenak dakarren beste baten arteko tenka nabarmentzen digu. Horrela joan gaitezke liburua osatzen duten zazpi ataletan barrena, gaiak, eraginak eta asmoak aletuz. Dena dela, nahikoa bedi esatea emozioz eta edertasunez beteriko bilduma dela. Joxe Azurmendiren hitzekin esatearren: Liburu hau adioaren melankoliak tindatua dago guztia. Minbiziak urrats agudotan geroz hartuagoa, Gandiagak bukatutzat eman beharrak dauzka ja hemengoak. Bizi zela ondoen egiten zuena eginez amaitu zuen Bitorianok: poema ederrak oparituz Euskal Herriari eta euskal irakurleoi.